Skip to main content

PRESTAKUNTZA EKONOMIA ZIRKULARREAN

Más información

EKONOMIA ZIRKULARREKO PRESTAKUNTZA-PROGRAMA JARDUNEAN DAUDEN PROFESIONALENTZAT 2025

 

Euskadiko enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, Ihobek, Basque Circular Hub-en eta Euskadiko ETE Zirkularraren esparruan eta CONFEBASK erakundearekin eta erakunde horretako kide diren ADEGI, CEBEK eta SEA elkarteekin lankidetzan, jardunean dauden profesionalentzako prestakuntza-programa berri bat aurkeztu du.

Ikastaroak doakoak dira, eta, haiei esker, enpresek araudi- eta merkatu-driverren berri izango dute eta erabakiak hartzeko eta lehiakortasuna areagotzeko aukerak eta arriskuak ezagutu ahal izango dituzte. Programak funtsezko bost ingurumen-gai ditu oinarri:

KARBONO-AZTARNA ETA DESKARBONIZAZIO-ESTRATEGIAK.

Ikastaro honek hiru modulu ditu, eta erakunde eta produktuetan karbono-emisioak neurtzera eta murriztera bideratuta daude. Modulu horien helburuak honako hauek dira: erakundearen karbono-aztarna kalkulatzen ikastea (1., 2. eta 3. irismenekin), enpresetan produktuaren bizi-zikloaren kontzeptua eta ingurumen-profilaren garapena txertatzea eta horretarako Ihoberen "Climate&Circularity Calculator" tresna erabiltzea, eta OpenLCAren oinarrizko funtzionamendua ezagutzea, 3. irismena kalkulatzeko enpresara egokitutako faktoreak eraikitze aldera.

GARDENTASUNA ETA POSIZIONAMENDUA.

Gai hau 3 moduluz osatuta dago, eta enpresen ingurumen-informazioko betekizunei erantzuten die. Prestakuntza-moduluen helburua da Jasangarritasunari buruzko Informazio Korporatiboaren Zuzentarauaren betekizunak ezagutzea, Zuzentarauaren inplikazio nagusiak zein diren jakitea eta ESG reportingeko sistemetan sakontzea.

EKONOMIA ZIRKULAR BATERAKO EKODISEINUA.

Ikastaro hau lau modulutan banatuta dago, eta arau-esparru berria eta produktuen ekodiseinuaren gaineko inplikazioak ezagutaraztea du helburu. Prestakuntza-saioetan hainbat alderdi landuko dira, hala nola ontzien ekodiseinua, produktuen diseinuaren zirkulartasunaren ebaluazioa, materialen efizientziari buruzko Europako arau berriak eta produktuaren pasaporte digitala.

FINANTZA JASANGARRIAK.

Ikastaro honek modulu bakarra du, eta finantza jasangarrietarako Europako taxonomiaren inplikazioak ditu ardatz. Ikastaroaren xedea da taxonomiari lotutako enpresen betebeharrak, haientzako inplikazioak eta enpresak araudi horrekin duen lerrokatze-maila identifikatzeko urratsak ulertzea.

LEHENGAIAK ETA HONDAKINEN KUDEAKETA.

Ikastaro hau modulu bakar batez osatuta dago, eta eraikuntza-produktuetarako esparru juridiko berria eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) kudeaketatik sortzen diren aukerak ditu ardatz. Ikastaroak Europako eta eskualdeko esparru juridikoa jorratuko du, eraikuntzaren sektorean jasangarritasuna ezarri, ebaluatu eta ziurtatzeko gidak eta tresnak eskainiko ditu eta material birziklagarrien eta bigarren mailakoen erabilera sustatuko du.

 

Ikastaroen edukiari, datei, iraupenari, moduluei eta abarri buruzko informazio guztia Ihoberen programan eta webgunean dago eskuragarri.