Skip to main content

LANKIDETZA IKASKETEN AMAIERAKO LANETAN ETA DOKTOREGOKO LANETAN

LANKIDETZA IKASKETEN AMAIERAKO LANETAN ETA DOKTOREGOKO LANETAN

 

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak zerbitzu berri bat iragarri du egoitza soziala edo jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresentzat. Zerbitzu hori gradu edo master amaierako lanak ingurune erreal batean, ekonomia zirkularraren eta ingurumen-ebaluazioaren esparruan egin nahi dituzten talentu gazteekiko konexioa errazteko diseinatuta dago.

Zerbitzuaren helburua

Zerbitzu horren helburu nagusia da enpresei beren proiektuetan ikasleak txertatzen laguntzea eta laguntza teknikoa eta orientazioa ematea, honako bi ildo nagusi hauetan:

  1. Ikasleen eta enpresen arteko konexioa: enpresei ikasleak hartzeko aukera ematea, gradu, master eta doktorego amaierako lanak ingurune erreal batean egin ditzaten. Ikuspegi horri esker, enpresek berrikuntzaren eta ezagutza akademikoaren onurak balia ditzakete, eta ikasleek, berriz, esperientzia praktikoa eskuratzen dute eta beren ezagutzak proiektu zehatzetan aplikatzen dituzte.
  2. Tutoretza pertsonalizatua: enpresetan lankidetzan diharduten ikasleei tutoretza puntual eta pertsonalizatuko zerbitzu bat eskaintzea eta laguntza teknikoa eta orientazioa ematea alderdi kritiko batzuetan. Alderdi horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: zirkulartasuna ebaluatzeko metodologiak, bizi-zikloaren analisia (BZA), karbono-aztarnaren kalkulua eta software pertsonalizatuaren (hala nola Simapro eta OpenLCA izenekoen) eta Climate&Circularity Calculator (3C) tresnaren erabilera.

 

ZERBITZUAREN XEDE-TALDEA

Zerbitzua egoitza soziala edo behintzat jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta ekonomia zirkularreko eta ingurumen-ebaluazioko proiektuetan parte hartu nahi duten (eta, horretarako, lan akademikoak egingo dituzten ikasleak hartzeko prest dauden) enpresei zuzenduta dago.

Basque Circular HUBek ekonomia zirkularreko eta ingurumen-ebaluazioko proiektuetan parte hartzeko interesa duten ikasleen zerrenda bat emango die enpresei. Enpresek beren beharretara ondoen egokitzen diren profilak aukeratu ahal izango dituzte eta, bi aldeek interesa dutela berretsi ondoren, Basque Circular HUBek hasierako kontaktua eta koordinazioa erraztuko du.

 

IKASLEEN TUTORETZA ENPRESEN PROIEKTUETAN

Ikasleek tutoretza pertsonalizatua jasoko dute, proiektuaren datuak berrikusteko eta ikuspegi estrategikoa eta metodologikoa aztertzeko hasierako bilera bat barnean hartuta. Gehienez 10 orduko tutoretza indibidualak eskainiko dira proiektuko, zalantza teknikoak argitzeko eta software espezializatua erabiltzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deskargatu zerbitzuaren oinarriak (PDFan erantsiak). Zure enpresak parte hartzeko eta bere proiektuetan talentu gazte bat hartzeko interesa badu, bete formulario hau.