Skip to main content

BASQUE GREEN TALENT

BASQUE GREEN TALENT

 

BASQUE GREEN TALENT

Basque Circular Hub zentroak —Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Sozietate Publikoak kudeatzen duen ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen Euskadiko zentroak— ekonomia zirkularraren esparruko gazteei zuzendutako praktika-programarako urteko bigarren deialdia egin du. Edizio berri honetan, Basque Green Talent programak gazte batek Euskadiko enpresetan praktikak burutzea ere eskaintzen du.

Programa horrek enpresek ingurumen-informazioa lortzeko duten gero eta behar handiagoari erantzuten dio, eta belaunaldi berrientzako zein Euskadiko enpresentzako aukerak eskaintzen ditu. Praktika horien helburua hirukoitza da: Euskadiko enpresei neutraltasun klimatikoaren erronkei aurre egiten laguntzea ekonomia zirkularreko proiektuen bidez; ekonomia zirkularreko prestakuntza ematea arlo horretan hezkuntza arautua jasotzeko aukerarik ez duten gazteei; eta merkatuak behar dituen ekonomia zirkularrean gaitutako profesionalen gero eta eskari handiagoari erantzutea.

Zer eskaintzen du Basque Green Talent-ek?

  • Gaitasun berdeen inguruko prestakuntza teknikoa: Ihobe Eusko Jaurlaritzako Sozietate Publikoak hasierako formakuntza espezializatua emango dio empresan praktika burutuko duen gazteari.
  • Laguntza pertsonalizatua eta tutoretza: programa osoan zehar partaideak aditu baten laguntza izango du bere ikaskuntza-ibilbidea eta garapena gidatzeko.
  • Enpresetako proiektuetan laguntzea: enpresak sei hilabeteetan zehar ikasketak amaitu dituen gazte bat izango praktiketan, erakundeko proiektu anitzetan laguntza emateko prest egongo dena, beti Ihobek eskainitako aditu baten tutoretzapean.

Programan parte hartuko duten gazteen profila

Programa langabezian dauden eta erlazionatutako lanpostuetan esperientziarik ez duten 18-29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Programak lehentasuna emango die goi-mailako lanbide heziketa edo unibertsitate-gradua burutu duten gazteei, batik bat, Biologia, Geologia, Kimika, Fisika, Ingenieritza, zientziak edo antzeko graduak amaitu berri dituzten gazteei, bai eta ekonomia, zuzenbidea edo ADE-ko profilei.

Lan-ildoak

Praktika hauek ekonomia zirkularrarekin harremana daukaten proiektuak garatzera bideratuak daude:

  • Erakunde edo produktuaren ingurumen ebaluazioak, batik bat, karbono aztarna, bizi-ziklo analisi sinpleak, zirkulartasun adierazleak, ingurumen aztarna edota kostu zikloaren analisiak.
  • Produktuaren ziurtapenak garatzeko inbentarioen horniduran laguntza ematea, esaterako, produktuen ingurumen adierazpenak.
  • Enpresaren gardentasun eta izen onarentzako lagungarriak diren elementuetan laguntza ematea. Esaterako, europear taxonomia, CSRD, Ecovadis edota jasangarritasun memorietan.
  • Arrisku klimatikoen ebaluazioa, arrisku fisikoak zein trantsizio arriskuak.

Enpresentzako kostuak

Programan parte hartu nahi duten enpresek praktikak burutuko dituen gazteari hileroko soldata bat hornitu beharko dio, 5.821,29€ bekak irauten duen 6 hilabeteetarako. Parte hartuko duten enpresek Ihobek eskainitako jarraipen tekniko baten onuradun izan daitezke praktikak irauten duen lehen bost hilabeteetan zehar.

Datak eta iraupena

Praktikak 2026ko ekainaren 23an hasiko dira eta 6 hilabeteko iraupena izango dute.

Hurrengo edizioa:

2026ko urrian

Praktikak burutzeko gazteren bat hartzeko interesa izan ezkero hurrengo formularioa bete dezakezu: interes formularioa.

Informazio gehiago nahi izanez gero programaren  oinarriak irakurri edota jarri harremanetan basquecircularhub@ihobe.eus helbide elektronikoaren bidez.